XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskalerriko landaredia, nagusienik beintzat, iru eratakoa dala esan dezakegu dagon lurraldeari begiratuta: ixuria Atlantiko aldera ta Mediterraneo aldera dutenak, eta Naparroa`ko Auñamendien goiak.

Lenengoan, ur-guren diran mendi-gaillurretaz Kantauri aldera dauden guztiak sartu bear ditugu: Zuberoa, Bee-Naparroa, Lapurdi, Bizkaia ta Gipuzkoa`ren gein-geiena, eta Naparroa`ko ipar-sartaldea, Bidasoa`ren arrua bereziki dalarik.

Bigarrenean, Kantauri-Mediterraneo arteko ur-gurenaz ego-aldera daudenak sartzen dira, au da, Araba osorik eta Naparroa`ko zatirik aundiena.

Bereizketa ori, jakiña, ez da bat-batekoa: ba dira maillak eta elkar-naasteak ere.

Onela, adibidez, Euskalerriko muturrik ego-aldekoena dan Kantabria mendiaren ipar-aldea, benetan Kantauri itsas-aldeko landarez jantzia da.

Mendi artako ipar-aurpegian dauden pagadiak ditugu adierazpenik onena.

Baiña Trebiño-Errioxa`ko ur-gurenaz Ego-aldera igarotzea aski da, naiz mendi-gaillurrez eta naiz Bernedo, Herrera ta Peñazerrada`ko portuetan barrena, bat-bateko aldaketa nabarmenaren aurrez-aurre gertatzeko: pagadi ezkoen ordez, legorraldeko sastrakak, arteak, artexka edo zurbeltzak, ezpelak, erromeruak, ezkai edo erle-berrak e.a..

Eta irugarrenik, Napar Auñamendietako goi-lurretako landareak ditugu, batez ere Ortzanzurieta ta Anie mendien artekoak.

Aipa ditzagun bakoitzeko zeaztasunik nagusienak, iru lurraldeak banaka artuz: 1.- Atlantiko'rako ixuri-aldea.

Alderdi ontako zugaitzak adartsu dira ta osto galkorra dutenak, baiña bi zatitan banatuko ditugu: a) Itsas-maillatik 700 metroz gorako lurretan.

Pagadiak eta larreak dira nagusi goi oietan non zer ikusi bear.

Pagadiak (pagoa edo Fagus silvatica) askoz beerago ere izaten dira: zenbaitetan, itsasoaren mailla berean ere bai.

Baiña ugarien eta sendoenik, 700 metroz gorako tokietan izaten dira, lur geza ta gazietan izan ere, karaitzezko aitz-arteetan erraz itsasten diralarik.

Ariztiak baiño sastraka ta bestelako zugaitz-mota gutxiagori uzten die toki pagadiak; ala ere izaten dira tarteka lizarrak, urritzak, astigarrak, zumarrak eta gorostiak.

Baso edo oian auek ain gorrituak daudenez, ikuspegia zearo larruturik ageri da, txillardi ta otadiak ugari diralarik.

Lurralde goitu auetan ugari dira larreak ere, Ordunte, Gorbea, Zaraia, Aizkorri, Aralar, Iparla, Artzamendi izeneko mendietan eta Zuberoa`ko goi-lurretan bereziki, ugarienik artaldeak diralarik, eta zaldiki ta beikiak gutxiago.

Gero-ta beartsuago dira larre-lur auek, benetan goserik daudelako; batetik, zugaitzik gabeko lurra beti garbi dagolako; bestetik, elurteetan izan ezik, iñolako atsedenik ez dutelako.

Ondorioz, jakiña, larreak urritzen ari dira, eta txillardiak eta otadiak indartzen.

Araba`ko zenbait mendiren ipar-aldeak, Atlantiko aldeko zugaitzez jantzirik ditugu.

Eta ez nolanai jantziak ere: Bizkai ta Gipuzkoa`n mendi-soilketa izugarriak izan diranez, Araba`k berak pagadi askoz zabalagoak dauzka, Hektarea askoz geiago gaiñera, beste biak baiño.

Araba`ko pagadi auek eta Naparroa`ko Illon, Leire, Izaga, Izko ta Kodes mendietakoak, antziñako oian-baso izugarrien ondarrak besterik ez dira, eguraldiak ere orduan geiago laguntzen zienez; orain arte iraun ba`dute, mendi-gaillurretan maiz itsasten diran laiño ta lanbroei esker iraun dute.

b) Erdi ta bee-maillako goitasuna, 700 metro bitartekoa.

Aritza (Quercus rohur) eta gaztaña (Castanea sativa) izan ziran ugarienak mailla ontan, batez ere muger-arrizko lurretan; bietan, berriz, aritza zan Euskalerriko alderdi ontan zugaitz-motarik ugariena.

Gaztaindiak, eta batez ere ariztiak, bestelako sastraka ta zugaitz asko izaten ditu tartean, pagadiak baiño askoz geiago; adibidez, auek danak: urritzak, urkiak, gorostiak, lizarrak, zumarrak, astigarrak, sarratsak, intsusak, karraskillak, zapatari-egurrak, lertxunak, e.a..

Erreka-ondotan, berriz, saratsak, zumartxuriak eta altzak izaten dira.

Pagadiena baino are latzagoa izan da arizti ta gaztaindien soilketa, eta oso aspalditik dator.

Basoak soildurik, lurrak artaldeentzat larre biurtzea, edo-ta soro biurtzea, antziñatik datorren joera da.

Urrengo joera, itsas-ontziak egiteko ta burni-oletarako egurra ateratzea izan zan, zugaiztiak larrutuz.

Azkenik, diru-goseak eraginda, bereala aziko diran landareak sartzeko joera izan da, eta orrela sartu izan dute Monterrey`ko piñua edo insignis izenekoa (Pinus radiata).

Erdi-maillako lurraldeak soildu izanak, ondorioz, auxe ekarri du azken-aldi ontan: otadiak, txillardiak eta garaman edo iraztoiak ugaritzea batetik, eta gaizki zaindutako piñudiak sasi aundiz betetzea.

Ondamendia areagotzeko, bi gaitz gogor: gaztaiñaren tinta ta aritzaren zuria, ain urri genituan landareak zearo galdu-erazten ari dira.

2.- Mediterraneo`rako ixuri-aldea.

Era askotako landareak dira alde ontan.

Izan ere, leen esan dugunez, mendirik nagusienen ipar-aldeak, Atlantiko itsasaunditik doazen aizez ezkatuak daude, eta orrela, ipar-aldeko landareak ere ugari dira.

Baiña alderdi ontan landare bereziak, bertakoak bakarrik izan ezik ere osto iraunkorra dutenak dira, edo-ta zimelkorra dutenak, adibidez: Piñu-gorria (Pinus silvestris), artea (Quercus ilex), ametza (Quercus lusitanica), (Quercus pyrenaica), aritz illeduna (Quercus pubescens), eta aritz zuria (Quercus petrea).

Zugaitz-mota auek onelatsu banatu izan dira, maillari dagokionez: beetan, artea da ugarien; goraxeago, aritz illeduna ta urrena, piñu-gorria; maillarik goituenak, berriz, Auñamendietako girokoak dira.